Alegiko musikari ezagunak: Txanbolin
Urria bukatzear dagoen honetan, AKO-k urtero oparitu ohi digun kalendarioan begiratuz lau txistulari agertzen zaizkigu udaletxeko arkupetan. Txanbolin, Imanol Artano, Jose Mari Zabala eta Alberto Gaztañaga dira. Memoria freskatuz, Joxe Gastesik Txintxarri Abesbatzaren 40. urteurrena zela eta idatzitako liburura jo dugu. Bertan hainbat pasadizo eta kontu ugari irakur daitezke, beti ere Joxeren memori apartari esker. Post hau aprobetxatuz, eta nola badakigun irakurri ohi duela bloga, eskerrak eman nahi dizkiogu. Inoiz eman ahal izango al dizkiogu eskerrak egin duen guztiarengatik ? Seguruena ez.
Beraz gaurko honetan Txanbolin edo Laureano Zubeldiari buruz idatziko dugu. Izatez zapataria zen, eta bere izate bereziagatik ez zen edozein Alegin. Urte batzuetako Alegiko jaiek lotura handia izaten omen zuten gizon honekin; izan ere, ospakizun nagusietan eta igande arratsaldeetan han izaten baitzen “Txanbolin” bere txistu eta danbolinaz festak alaitu asmoz.
Joxeren oroitzapenak, Imanol Artano, Joxe Mari Zabala, Alberto Gaztañaga, “Abitto” eta “Txanbolin”ek berak osatzen zuten txistulari bandak plazako arkupetan dantzarako doinuak jotzen zituzten gerra aurreko urteetan hasten dira.
Urruti samar geratzen zaizkigun garai hartan baomen zen ohitura bitxi bat. Egun seinalatuetan, “Txanbolin”ek “Abitto” danbolinaz aldamenean zuelarik, zenbait alegitar zoriontzen zuen urtebetetze egunean eta, alegitar horiek eguneko bazkaria amaitzen ari ziren unean (postre garaian edo), hantxe izaten zen atarian doinu ezagunak joz. Familiak eta batez ere haurrak, ilusioz egoten ziren txistua eta danbolina noiz entzungo zain.
“Txanbolin”ek “Abitto”laguntzaile zuelarik, txistuaz jotzen zituen doinuak oso bereziak ziren. Gorputza tente- tente jarri eta Udaletxe azpiko arkupeetan eskaintzen zituen piezak Alegian bakarrik entzuten ziren; ingurutako herritakoek ez zituzten ezagutzen. Halako batean bitxikeria honen zergatia aurkitu zuen Joxek. Etxeko ganbara txukuntzen ari zela, Alegiko aspaldiko musika bandan tronpeta jotzen zuen osaba batenak ziren eta hautsez beterik eta zimelduak zeuden eskuz idatziriko partitura zahar batzuk aurkitu nituen.
Harriturik geratu zen “Txanbolin”ek jotzen zituen doinuak han topatutako polka, baltse, mazurka, jaba eta habanerei zegozkiela konturatzean. Argi eta garbi ikusi zuen “Txanbolin”ek, bere aiton amonek herriko bandari entzuten zizkioten doinuak fandango bihurtzen zituela.
Hau guztia ulertzeko “Txanbolin” herriko antzinako musika bandan aritutakoen artean geratzen zen bakarra zela jakin behar da. Horren frogatzat harro erakusten zuen bere bonbardinoa. Urre koloreko tresna zoragarri hura ez zen ganbarako hautsen artean egoten.. Egun handietan, urriaren lehen igandean gehienbat, bonbardinoa hartu eta eliza aurreko plazara joan, tente jarri, eta prozesioa noiz atera zain egoten zen. Eta ateak zabaldu bezain laister, prozesioa agertzen zenean, taldean sartu eta sor daitekeen doinurik bitxiena jotzen hasten ze. Eta han joaten zen Kalebeherarantz Alegiako banda ohiaren asken partaidea bere baxu “particella” jo zeta aldi berean herriari kantuan lagunduz.
Berriro ere, eskerrik asko Joxe.

Orduan ere Alegi bangoardista, polka, baltse, mazurka, jaba eta habanerak fandagora bihurtuz. Fussion, mestizage… artista!
Txanbolin 1881ko abenduaren 30ean jaio zen. Hona hemen bere bataio agirie.
Comment by bedaio3000 — October 30, 2008 @ 11:30 am
Di da, Txarli erantzune. Earki. Alegitar askok, ideaik e jakin gabe musikataz, Danubio Azul doinuak oso ezagunak omen zituzten…. Imajinau.
Comment by Administrator — October 30, 2008 @ 11:43 am
Ez nekitxoan hixtorio horren berri.
Oso artikulu ona.
Comment by Johan — November 2, 2008 @ 9:26 am