Urria bukatzear dagoen honetan, AKO-k urtero oparitu ohi digun kalendarioan begiratuz lau txistulari agertzen zaizkigu udaletxeko arkupetan. Txanbolin, Imanol Artano, Jose Mari Zabala eta Alberto Gaztañaga dira. Memoria freskatuz, Joxe Gastesik Txintxarri Abesbatzaren 40. urteurrena zela eta idatzitako liburura jo dugu. Bertan hainbat pasadizo eta kontu ugari irakur daitezke, beti ere Joxeren memori apartari esker. Post hau aprobetxatuz, eta nola badakigun irakurri ohi duela bloga, eskerrak eman nahi dizkiogu. Inoiz eman ahal izango al dizkiogu eskerrak egin duen guztiarengatik ? Seguruena ez.
Beraz gaurko honetan Txanbolin edo Laureano Zubeldiari buruz idatziko dugu. Izatez zapataria zen, eta bere izate bereziagatik ez zen edozein Alegin. Urte batzuetako Alegiko jaiek lotura handia izaten omen zuten gizon honekin; izan ere, ospakizun nagusietan eta igande arratsaldeetan han izaten baitzen “Txanbolin” bere txistu eta danbolinaz festak alaitu asmoz.
Joxeren oroitzapenak, Imanol Artano, Joxe Mari Zabala, Alberto Gaztañaga, “Abitto” eta “Txanbolin”ek berak osatzen zuten txistulari bandak plazako arkupetan dantzarako doinuak jotzen zituzten gerra aurreko urteetan hasten dira.
Urruti samar geratzen zaizkigun garai hartan baomen zen ohitura bitxi bat. Egun seinalatuetan, “Txanbolin”ek “Abitto” danbolinaz aldamenean zuelarik, zenbait alegitar zoriontzen zuen urtebetetze egunean eta, alegitar horiek eguneko bazkaria amaitzen ari ziren unean (postre garaian edo), hantxe izaten zen atarian doinu ezagunak joz. Familiak eta batez ere haurrak, ilusioz egoten ziren txistua eta danbolina noiz entzungo zain. “Txanbolin”ek “Abitto”laguntzaile zuelarik, txistuaz jotzen zituen doinuak oso bereziak ziren. Gorputza tente- tente jarri eta Udaletxe azpiko arkupeetan eskaintzen zituen piezak Alegian bakarrik entzuten ziren; ingurutako herritakoek ez zituzten ezagutzen. Halako batean bitxikeria honen zergatia aurkitu zuen Joxek. Etxeko ganbara txukuntzen ari zela, Alegiko aspaldiko musika bandan tronpeta jotzen zuen osaba batenak ziren eta hautsez beterik eta zimelduak zeuden eskuz idatziriko partitura zahar batzuk aurkitu nituen.
Harriturik geratu zen “Txanbolin”ek jotzen zituen doinuak han topatutako polka, baltse, mazurka, jaba eta habanerei zegozkiela konturatzean. Argi eta garbi ikusi zuen “Txanbolin”ek, bere aiton amonek herriko bandari entzuten zizkioten doinuak fandango bihurtzen zituela.
Hau guztia ulertzeko “Txanbolin” herriko antzinako musika bandan aritutakoen artean geratzen zen bakarra zela jakin behar da. Horren frogatzat harro erakusten zuen bere bonbardinoa. Urre koloreko tresna zoragarri hura ez zen ganbarako hautsen artean egoten.. Egun handietan, urriaren lehen igandean gehienbat, bonbardinoa hartu eta eliza aurreko plazara joan, tente jarri, eta prozesioa noiz atera zain egoten zen. Eta ateak zabaldu bezain laister, prozesioa agertzen zenean, taldean sartu eta sor daitekeen doinurik bitxiena jotzen hasten ze. Eta han joaten zen Kalebeherarantz Alegiako banda ohiaren asken partaidea bere baxu “particella” jo zeta aldi berean herriari kantuan lagunduz.
Pasa den larunbatean, iluntzeko 20.00ak jotzear zirela, hasi ginen kantari aldarean. Ez zen ikusle gehiegi baina gu kantatzeko gogoz geundenez, gustora aritu ginen. Bost kanta eskeini genituen: Adoramus- Gloria, Danny Boy, Caminito, Bili Bili Bonbolo eta This little light of mine.
Ondoren Astigarragakoen txanda izan zen. 21 laguneko taldea. Ahots ederrak. Gogotsuak. Honako bederatzi kantak eskeini zizkiguten: Tebe poem, Ave Maria, Despierta, El ultimo cafe, La chaparrita, Lili polit bat, Hego haizea, Maitasun atsekabea eta Ama.
Ondoren Aiztondokoek eta Txintxarritarrok elkarrekin Aita Donostiaren Jeiki Jeiki, Etchekuak- Chorittua eta Nurat hua eskeini genituen.
Gero, Intxurre sozidadean bi koruetako partaideok afaritxoa izan genuen. Nahiko jan, edan, hitzegin, kantatu… hau da ederki pasa genuela.
Aiztondokoei eskerrak eman nahi dizkiegu eta nahi duten arte. Badakizue non gauden.
Alegitar ezagun eta askotan ezezagun direnekin jarraituz, gaurko honetan Anjela Kerejeta dakarkigu. Joxe Mari Iparragirre musikari ospetsuaren emaztea hain zuzen ere. Hainbat alditan entzuna dugu berari buruz baina inoiz ez da gaizki etortzen zertxobait gehiago jakitea.
‘Alegiako Traperoari’ kantatuz edo “Trapu Zaharrak” Iparragirrek Ramon Batistaren omenez konposatutako kanta da eta 150 urte badira Joxe Mari Iparragirre kantariak kantu hori sortu zuela. Berak eginiko kantuen artean ezagunena ez izan arren, alegitarrentzat esanahi berezia du abesti horrek, bertako herritar bati eskainitakoa delako, Ramon Batista trapu-saltzaileari alegia.
1856. urte inguruan koka daiteke kantu hau. Ezkondu aurretik, garai horretan Joxe Mari Iparragirre kantaria Alegiara etortzen zen Anjela bere andregaia bisitatzera. Bere gitarra aldean zuela ibiltzen zen beti, eta Alegiara etortzen zenean ere bere gitarra atera eta kantari hasten omen zen. Angel Oyarzabalek Alegiako herriari buruz 1987an kaleratutako liburuan aipatzen du Iparragirrek honako kanta ezagun hau egin eta Anjelari kantatzen ziola Alegiako kaleetan: “Anjela nerea! Gazte zerala diozu, gaztea eta ederra zera zu”.
Bazen garai hartan Alegian paper-fabrika, 1803an papera egiten hasi zena; eta bazen baita ere lanbide edo ofizio bat, gaur egun desagertuta dagoena, trapero edo trapu-saltzailearena. Era guztietako trasteak, gauzak eta trapuak erosi eta saldu egiten zituen traperoak. Sasoi hartan bazen Alegian ofizio hori zuen pertsona bat: Ramon Batista. Joxe Mari Iparragirre haren oso lagun egin zen, eta gaur egun hain herrikoia den “Alegiako traperoari” abestia egin eta eskaini zion berari.
Ramon Batista hau goizean goiz hasten omen zen builaka, alegitarrak esnaraziz, trapu eske: “Trapero!”. Asto baten laguntzaz ibiltzen omen zen Ramon Batista bere zereginak betetzen. Bere astoa deitu eta honako bertso hauek kantatzen omen zizkion, mingaina goiko ahosabaian jarrita eta soinu berezi bat ateraz:
“Alegiako traperoari” abestiari buruzko informazio hau hiru pertsonari esker heldu da guregana: Rikardo Intxausti (1971n hil zen 76 urterekin) txistulari zenak kantu honen letra eta doinua ondo gorde zituen partitura batean. Hil baino bi urte lehenago bere lagun Zumarragako txistulari bati eman zion informazio guztia (Pascual Ocariz txistulariari hain zuzen ere). Zumarragako txistulariak Zumarragako Antonio Rey apaizari eman zion, eta azken honek jarri zigun informazioa gure koru Txintxarri Abesbatzaren eskuetan.
Euskal Herriko hainbat musikarik kantatu dute. XX. mendearen hasieran Alegiako kaleetan kantatzen omen zen kantu hori; hala eta guztiz ere, Patxi Andion musikari nafarra izan zen kantua zoko-zulotik atera eta 60ko hamarkadaren bukaeran Euskal Herri osoan ezagun egin zuena. Gerora, Oskorrik, Xabier Letek eta Gontzal Mendibilek ere kantatu eta jaso dute bere diskoetan.
Gure koruak eskatuta, “Alegiako traperoari” kantuaren partitura egin zuen Angel Unzu gitarra-jole eta musikari ezagunak. 2004an Alegian egindako musika ikuskizun berezian kantatu genuen lehendabiziko aldiz kantu hori Txintxarri Egunean.
Anjela Kerejeta, Iparragirreren itzal handia
Anjela nerea! Gazte zerala diozu, gaztea eta ederra zera zu! Horrela kantatzen zion Joxe Mari Iparragirre kantariak Anjela bere neskalagunari 1856. urte inguruan, gitarra eskuan zuela, Anjela bisitatzera Alegiara etortzen zenean. Alegiarra zen Maria Anjela Kerejeta Aizpurua, Iparragirreri bere bizitzako urte gehienetan babesa eman zion emakume handia.
1838ko martxoaren aurreneko egunean jaio zen Anjela Alegiako San Juan kalean, bederatzigarren zenbakian. Bartolome Kerejeta eta Manuela Aizpuruak ekarri zuten mundura “Anjela Artaberonekoa” gisa ezagutzen zen neskatila. Ezer gutxi dakigu bere haurtzaroaz, baina imajinatzen dugu, gaurko umeen antzera, eskolara bidaliko zutela aita-amek, eta San Juan kalean barrena ibiliko zela jolasean.
Anjelaren jaiotze agirian adierazten denez, aitaren aldeko aiton-amonak Juan Kruz Kerejeta, Alegiakoa, eta Joakina Garaialde, Orendaingoa, ziren; amaren aldekoak, berriz, Juan Aizpurua, Urrestillakoa, eta Maria Bautista Zabala, Adunakoa. Jose Ilarionek bataiatu zuen neska jaioberria Juan Jose Olano apaizaren ordezko gisa.
Iparragirreren itzulera Euskal Herrira
Hainbat urte atzerrian kantuan eman ondoren itzuli zen Joxe Mari Iparragirre kantaria Euskal Herrira; 1855. urte ingurua zen. Iparragirreren bizitza ikertzen aritu direnen hitzetan, Manuela Frantziska Zubiaurre tolosarrarekin maitemindu zen Iparragirre, baina honek ezetza eman zion. Adituen ustez, ezezko horrek Iparragirreri samina sortu zion eta samin hori agertzen du “Zugana Manuela” bere abesti ezagunak.
Manuela Frantziska Zubiaurre Arregi gozogintzako industrialarekin ezkondu zen, eta 79 urterekin hil zen Tolosan 1916an.
Garaitsu horretan Tolosa inguruetan zebilen Iparragirre kantuan, eta garaitsu horretan hain zuzen ere hasi zen Anjela Tolosara joaten; hango ostatu batean lan egiten zuen bere lehengusuari laguntzera joaten zen. Hamazazpi bat urte zituen orduan. Oso neskatila liraina zen; txikia, baina oso polita, eta ez zion Anjela kortejatzeko aukerari muzin egin handik pasatu zen Joxe Mari Iparragirre kantariak. Gitarra hartu eta bertsotan deklaratu zitzaion 35 urteko urretxuarra.
Anjelaren betiko maitasuna
“De él todo me gustaba, de pies a la cabeza. Porque, hermoso hombre ya era. Barba linda también. Corazón bueno tenía aquel. Y hablar en vasco como nadie (…) Mis padres no querían dejarme casar con él, pero yo escamotada (enamorada) estaba, y… ya sabe usted… las mujeres en enamorando… el corazón terco es…”. Halaxe hitz egin zion Anjelak gaztelania kaxkarrean 1897an, jada Iparragirre hila zela, Buenos Aireseko La Vasconia aldizkariko zuzendariari, Francisco Grandmontagneri hain zuzen ere.
Tolosatik beste herri batzuetara joan zen Iparragirre bere gitarra hartuta kantatzera, eta halako batean eskutitz bat idatzi zion Anjelari; “…me escribió una carta desde San Sebastián, mandándome ir allí, para ‘estarme viendo’ durante las fiestas de agosto. Yo fui no más a pie. ¿Qué había de hacer…”. Joxe Marik Argentinan ezkontzeko proposamena egin zion Anjelari, euskal apaizek paper asko eskatzen baitzizkioten hainbeste urtetan kanpoan ibilitako gizonari. “No conocían a Joxe Mari. ¿Casarse aquel con una que no fuera vasca? Antes ‘mutil zarra’ toda la vida. Rabia me hizo dar la desconfianza, y entonces yo le dije que a la fin del mundo también le acompañaría…”.
Apaizek ez ezik Anjelaren gurasoek ere ez zioten ezkontzen utzi nahi, baina Anjela orkatiletaraino maiteminduta zegoen; Anjela oraindik oso gaztea zela, hogei urterekin, Argentinara joan zen Joxe Marirekin, ‘Anjelita’ izeneko ontzi batean Baionaraino eta gero beste ontzi batean Rio de la Plataraino. 1.300 erreal balio zuen bidaia txartelak, baina erdia baino ez zuten ordaindu momentuan. 62 egunen buruan iritsi ziren Argentinara: “…en la lancha, empecemos a cantar el Guernicako, haciéndonos coro todos los vascos que estaban en el muelle. Locos, o así, parecían que estaban”. Han ezkondu ziren 1859an.
Den-dena bere maiteagatik
Hor hasi zen Anjelaren bizitzaren gogortasuna. Bederatzi seme-alaba izan zituzten: Benigno Simon, Francisca Antonia, Maria Anjela, Felipa Lucia, Feliciana, Miguel (haurtxoa zelarik hil zena), Eustaquia, Maria Cirila eta Juan Jose Ruperto. Miseria latza eta pobrezia handian bizi izan ziren beti; izan ere, Iparragirrek ez zuen negozioetan arreta handia jartzen. Artzain egon zenean ardiek ihes egiten omen zioten Anjelak Grandmontagne kazetariari kontatzen zioenez: “Pero no ves, Joxe Mari, que faltan quince?” eta honek erantzun: “Déjalas, Anjelita, que ya volverán mañana… Y si no vuelven, es porque estarán mejor en otra parte. Ellas también aman la libertad, y yo quiero que hasta las ovejas tengan fueros”.
Azkenik Uruguaira joan ziren bizitzera. Café del Guernicako arbola ireki zuten Montevideon, baina alferrik; Joxe Marik ez zien bere lagunei kobratu nahi, eta ondorioz itxi egin behar izan zuten.
1877an, II. Karlistadan Foruak galdu eta gero, Iparragirrek Euskal Herrira itzultzea erabaki zuen Euskal Foruak defendatzeko. “No te vayas, Joxe Mari! (…) Pero él ni caso me hizo. “no, no, Anjelita; yo tengo que ir a defender los Fueros”. Y se fue, no más, dejándome con ocho hijos, el mayor de quince años. ¡Ai ene! Nos despedimos en Mercedes, y ya no le volví a ver”.
Han geratu ziren bakar-bakarrik Anjela eta seme-alaba guztiak. Eta ez zuten gehiago elkar ikusi. 1881ean hil zen Iparragirre, Ezkio-Itxason. Anjela Domingo Elutchanz iparraldeko jatorria zuen euskaldun batekin ezkondu zen, eta beste bi haur bat izan zituen. 1890ean gizona hil eta alargun geratu zen berriro. 1920an hil zen Anjela Mercedesen,Uruguain, 82 urte zituela.
Gipuzkoako Foru Aldunditik hainbat saiakera egin zituzten Anjelari diru laguntzaren bat emateko edota Euskal Herrira etortzeko bidaia ordaintzeko, baina ez zuten ezer lortu. Izar, puntako gizon baten atzean emakume sendo eta langile bat egoten dela esan ohi da; horra hor, Joxe Mari Iparragirreren itzalpean beti egon zen motor handia: Anjela Kerejeta. Alegitarra. Txintxarria.
Bukatzeko Trapu Zaharrak abestiaren bertsio bat bideoan ikusgai. Gasteizen gaztetxoen koru batek abestua, ea gustoko dezuten.
Datorren larunbatean, Urriak 18-a, Astigarragako Aiztondo abesbatzak kontzertua eskeiniko digu Alegiko elizan. Hain zuzen ere, gu Ekainean izan ginen Astigarragan kontzertua ematen eta orduan bezela, guk ere beraiekin batera kanta bat edo beste eskeiniko dugu. Beraz badakizue, saio polit bat entzun nahi duenak, 19.45tan hastear izango gara eta azaldu eliz atarira. Zain egongo gara…
Alegiak pertsonai ospetsu edo garrantzitsu ugari eman ditu eta oraingo honetan horietako bat aipatu nahi genuke. Hain zuzen ere alegitar musikari bat: Pedro Joxe Iguain.
Guk, koruan, bere kantu bat urtean bi alditan gutxienez abesten dugu, hain zuzen ere Salbea. Nahiz eta inork gutxi ezagutu lan mordoa eta garrantzi handikoa, eginikoa dugu Iguain. Beraz ondoren datorrena, berataz zertxobait gehiago jakin nahi duenarentzat da.
Eskerrik asko Gabino informazio guztiagatik.
PEDRO JOXE IGUAIN
Pedro Jose Iguain Telleria (Alegia, Gipuzkoa, 1896ko martxoaren 17a –Buenos Aires, 1.979.ko urriaren 26a ) euskal musikaria zen.
Beasaingo sementzako eta Alegiako Seme Kutun izendapenak jaso zituen.
Haurtzaroa
Migel Andres Iguain eta Joxepa Telleria senar-emazteen seigarren semea zen. 1926an, Natalia Azurtza anderearekin ezkondu zen eta ezkontza horretatik 8 seme-alaba jaio ziren.
Pedro Joxek 6 urte zituela eskolan hasi zen lehen mailako ikasketak egiten. 8 urte zituela. Lukas Agirre apaizaren akolito hasi zen, baina berehala nabarmendu zen kantuan, gainerako kantari tipleen artean.
Arantzazuko Andre Mariaren Komentuko Nagusiak ere jakin zuen haren berri eta Arantzazura eraman zuten bi urtetan erreskadan (1907-1908) Andre Mariaren bederatziurrenetan abesteko.
Musika ikasketak
Ahotsa aldatzen, 1911ko irailean, bere karrerako bigarren aroa hasi zuen Tolosako Kontserbatorioan, konpondu behar izan zuen arazo handia, pianorik ez edukitzea izan zen. Parrokiako apaiz batek ordea, piano bat eskaini zion hilero hainbesteko bat ordaintzearen truke.
Lanpostuak
1913. urteko udazkenean, probintziako egunkarietan, Ataungo San Gregorioko parrokian organojole baten postua betetzeko oposizio-lehiaketa iragarri zen. Plaza atera zuen eta denboraz urri ibili arren, musika konposatzen hasi zen. Bere buru argiak, lan garrantzitsuak sortu zituen, Ave Maria 2 ahotsetara, Azken Agurra, etab.
Obra guztiak
Stabat Mater
Himno a san Martín de Loinaz
Deun Mikel Ereserkia
Hac est corpus meum
Martín Fierro = Matxin Burdin
El Moreno = Beltxarana
Picardia = Biurria
Final = Azkena
Joxe Prantxisko Agiriano “Tripoxo”
Sagu-Katu
Iguriako errotan
Erri miña = Nostalgia
Lau atso
Nana de San Martín
Gau ezkila = Nocturno
Txintxarri erri
Txintxarri erriko abestia
Nere erriko gau-ezkila
Euzko Abendaren Ereserkia
Gernikako arbola
Beasaingo Udalak, Organojole eta Bandako Zuzendaritarako oposizio-lehiaketarako deialdia egin zuen eta Pedro Joxe Iguainek bereganatu zuen ardura hori 1924. urtean.
1936-39 bitartean, banda eta abesbatza gerrak erabat murriztuta, Eskisabel eta Konpainia enpresako enplegatu izaten hasi zen. Geroxeago, bere anaia Joanek, berak eta beste hirugarren batek, garraio-negozioa jartzea pentsatu zuten Tolosa eta Bilbo artean eta Transportes del norte, IFARA izeneako enpresa sortu zuten.
1939. Urtearen erdialdera, berriro ere organojole eta bandako zuzendariaren musika-grima nabarmentzen hasi zen. Aldez aurretik dei eginda, gizonezko hutsezko Coral Loinaz sortu zuen. Arrakasta handiko urteak igaro ondoren.
1950ean Argentinara joan zen. Buenos Airesko Piedad parrokiako organista izendatu zuten, eta hildakoan bere seme Nikok jarraitu zuen jotzen.
Buenos Airesko gizonezkoen “Hospital Psiquiátrico”ari lagundu zion kontzertuak emanaz.
1979ko urriaren 26an hil zen Buenos Airesen.
1949an omenaldia egin zitzaion Alegian.