Kantuak eta koplak uztartuta Alegiako kaleetan
Alegiako Zazpi Astoren Gainean bertsozale taldeko bertsolariek kopla ederrak bota zituzten bat batean Agate Deunaren bezperako eskean, Txintxarri abesbatzako kideen doinuek lagunduta. Herritarrek ere parte hartu zuten santa eskean. Bi taldeek esperientzia baikortzat jo dute egindako elkarlana.
Txikiak elkartuta handi bihurtzen dira, eta horren adibide izan zen atzo Alegiako kaleetan ikusi zen argazkia. Txintxarri eta Txintxarri Txiki abesbatzako kantariek talde betea osatu zuten herriko bertsolariekin batera. Hirurogeien bat lagunek zeharkatu zituzten herriko kaleak koplaz kopla. Auzo batetik besterako tartean herriko trikitilarien laguntza izan zuen taldeak; Olatz Zubeldia, Eider Zubillaga, Ane Balerdi, Mirari Mendizabal eta Ibon Azpilikueta aritu ziren trikitixa soinuarekin, panderoarekin eta albokarekin trikiti piezak eta kalejirak jotzen.
Baina atzoko protagonistak, zalantzarik gabe, koblakariak izan ziren: Felix eta Imanol Irazustabarrena aita-semeak, eta Mikel Artola eta Iker Iriarte. Zazpi Astoren Gainean bertsozale taldeko kideak dira laurak eta bat batean, txandaka, buruari astindua eman eta koplak kantatzen ibili ziren atzo.
Abesbatzak kantatu zituen Siziliako Agate zenaren istorio krudela eta tristea kontatzen duten bertso ezagunak. Koblakariek, berriz, tristura puntu horrekin hautsi eta umoreari eta hausnarketari bidea eman zioten koplen bitartez. Ugari izan ziren koblakarien arteko adar-jotzeak. Balkoietara entzutera ateratzen ziren herritar ezagunei ere zuzendu zitzaizkien koblakariak, eurekin zerikusia zuten koplak botaz.
Txintxarri abesbatzaren 50. urteurrenari eta herriko bi taldeek eginiko elkarlan horri ere bota zizkieten koplak. Hauexek atzo entzundako kopletako batzuk:
Felix Irazustabarrena:
Hurrengo txanda egin behar degu
denok zubian gainean,
zubiak asko maite ditut nik
lotzeko diran heinean.
Mikel Artola:
Bistan degunez ai ene lagun
guk pentsatzen degu hola,
zubian bidez lotu ditugu
korua ta bertso eskola.
Iker Iriarte:
Korua ta gu elkartu gaitu
Santa eskeko bideak,
koruak ahots ona jartzen du
eta guk, berriz, ideak.
Imanol Irazustabarrena:
Abesbatzakok 50
urte beteak dituzte,
bertso eskolan opa diogu
betetzea beste hainbeste.
Zazpi Astoren Gainean bertso eskola txiki handia
Ez da erraza Alegia bezalako herri txiki batean kultur jarduerak aurrera eramatea. Baina Zazpi Astoren Gainean bertso eskolak asmatu du euskal kulturak berezkoa duen jarduera horri bizia ematea herrian. Duela bost-sei urte sortu zen bertso eskola eta hamar bat lagunek ikasten dute errimaren kirol ere deitu izan zaion hori. Alegiakoak eta Altzokoak dira bertso eskolan dabiltzanak, adin desberdinetakoak.
Eskola horren ezaugarri nagusia bat batekotasuna da: teoria gutxi ikasten dute, afari-lege bat eginez astean behin elkartu eta bertsotan aritzen dira indarrak ahitu arte. Horixe izan ohi da herriko bertsolarien osteguneroko hitzordua. Eskualdeko bertso txapelketa ere irabazi zuten urte batean.
Umeen bertso eskola ere badute; Iker Iriartek erakusten die bertsotan Alegiako txikienei. Iaz Gipuzkoako txapeldun geratu ziren eskolarteko txapelketan Asteasurekin batera osatutako taldean.
Bi taldeek esperientzia baikortzat jo dute Agate Deunaren bezperan egindako elkarlana, eta litekeena da aurrerantzean ere beste ekintzaren bat elkarrekin prestatzea.
















